martes, 25 de octubre de 2011

Zer dira ipuinak?

            Hurrengo egunetan, ipuinei buruz arituko gara hizketan, zer diren azalduz, atalak, duten garrantzia…

Gaurko honetan, ipuinei  hasiera emateko,  zer diren azaltzeari ekingo diogu edo saiatu behintzat.

Ipuina, narrazio modu labur bat bezala defini dezakegu, ahoz zein idatziz transmititua izan daitekeena.

Bere ezagugarri nagusien artean, bere helburua zerbait kontatzea dela da, era labur batean eta denbora eta espazio ez oso luze batean. Ipuina berez, fikziozko narrazioa da, zeina autorearen kreazioa izan daitekeen, edo gertaera errealetan oinarrituta dagoena.

Normalean, gai bakar bat abiapuntutzat hartzen da, horren inguruan istorio bat sortuz, amaierara heldu arte eta sarritan, amaiera hori espero ez dena izaten da. Beraz, eskolan ikasten den bezala, ipuin baten egitura honako litzateke: hasiera, korapiloa eta amaiera.  Hau da, hasierako egoera bat aurkezten da; hasierako egoera hori aldatuko duten ekintza batzuk gertatzen dira; ekintza horiei konponbidea emango zaien egoera bate maten da; azkenik, amaierako egoera batekin bukatzen da.

Ipuinetan, berebiziko garrantzia hartzen duen elementu bat pertsonaiena da. Pertsonaiak istorioan parte hartzen duten pertsonak, animaliak edo gauza edo objektuak izan daitezke. Ohikoa den moduan, batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak izaten dira, edo garrantzia handiagoa hartzen dute, horrela protagonistak edo bigarren mailako pertsonaiak bereizten dira ipuin baten barruan. Horrez gain, sarri askotan, istorioa kontatzen duenak parte hartu ere egiten du. Kasu horretan, narratzailea pertsonaietako bat izaten da.




          Aurrekoetan ere egin ohi izan dudan bezala, oraingoan ere kontutxo batekin utziko zaituztet, Maria Pilar Goikuriak kontatutakoa. Ipuin ugari zekizkien eta kontatzen zizkidan emakumea.


          Horrez gain, web orri honekin uzten zaituztet, bertan ipuin ugari entzun daitezkeelarik: http://etxegiroan.com/gazteak_euskara.php



          Hor doa ba, ipuina:

LANDABURUKO KRIDUE

Asterria ez dakizuenentzat, Zeanuriko auzune bat da, herritik ia kilometro bira dagoana.

Lapurrak joaten ei ziran zaldiekaz ostutera. Atariraino helduten ei ziran eta etxekoak amenazatu egiten ei ebazan.

Migel izeneko giona, Landaburu baserrian egoten ei zan kridu. Baserri honetako ugazabak gauza asko irakasten ei eutsozan; Goiz baten Landabururantza joiala, bidean hiru lau lapur aurkitu ei ebazan. Eroan eban guztia kendu eta gero lapur honeek Migel zuhaitz baten, soka batekin lotu ei eben. Bakarrik geratu zenean zarata baten hasi ei zan. Landaburuko ugazabak zaratak entzun ebazanean kanpora urten eta bere andreari esan eutson:

-          Horreik gure Migelen zaratak dira ba!

Joan ziran arin biak Migel lota egoan lekura eta libre itxi ei eben. Baina Migeli jazoera hori ez jakon inoiz ahaztu.

Egun batzuk geroago, Migel bizi zan baserrira lapurrak joan ei ziran. Zer jazotzen zan ikusi ebanean, eskopeta hartu eta lehio batetik tiro egin eban Migelek. Gerotxoago kanpora irten eta odol putzu bat ikusi eban, jada lapurrik ez egoan arren.

Migelen gurasoak odola arin garbitu eben baina gure gizonaren barrua ez zan hain garbi geratu. Bere egoera ikusita, aitortzea ebatzi eban. Penitentzia lortzeko, Galiziara joan behar ei eban. Hori eginda, Euskal Herrira etorri zan berriro, bere burua garbi eukalarik.

Eta ordutik hona, lapurrak ez direla Asterrira joaten esaten da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario