sábado, 22 de octubre de 2011

Ahozko eta idatzizko tradizioekin hasteko

“Aspaldi ez dala Orozkoko auzo batean ipuin batzen nenbilela baserrietxe bateko atea jo neban eta bertako ugazabak urten eta zer asmok nenkarren esan ostean hantxe erantzun eustan:

-Kanpoan hotz dago, ni ez naz ipuintsua baina sartu epeletara!

Abenduaren hasierako egun hotz eta argi bat zan eta gogoan ondo josita daukot haize hozminak arnasa ere larrundu egiten eustala. Baserriko nagusiak esandako modura baserrira sartu eta sutondoan jarri ostean eguarte guztian ekin eben senar-emazteek ipuin kontari. Harrez gero beti pentsatu dot ipuinak ez direla hotzaren lagun, ipuinak ez direla hotzetan esateko kontuak, ipuinaren babesa, izatea eta ingurua berotasuna, hurbiltasuna dala eta berotasun hori sutondoko berotasun gozoa ezeze bihotzaren berotasuna be badala.”

Xabier Kaltzakorta, “Bizkaiko herri-ipuin idatziak”, Donostia 1992-11-27


Hitz esanguratsu horiekin mintzatu zen Xabier Kaltzakorta idazle eta ikerlaria duela urte batzuk Donostian izandako jardunaldietan. Izan ere, ipuinak beti lotu izan dira goxotasunarekin, maitasunarekin, familiarekin. Ipuinak, kontakizuna, legendak, mitoak… gizakiaren arimaren janari dira eta guztiok, txiki zein helduk, behar ditugu gure arimak berotzeko.

Ipuinak mundu osoan eta mendeetan zehar ahoz aho transmititu dira. Egile edo autore jakinik ez dutenez izan, tradizio kolektiboan bizi izan dira garairik garai.

Ahozko tradizioak gorde izan diren arren, esan genezake Europa mailan XVI.mendean hasi zela aho mendeetan gorde zen ondare hori idatzizkora pasatzen. Straparolaren “Piacevolli Notti” obra italiarra izan zen ahozko tradiziozko transkripzio literarioak biltzen lehena.


Ipuinen bilaketan Erromantizismo garaiak ezinbesteko garrantzia du. Izan ere, Europan erromantizismoaren folklorea jasotzearen gogo eta interes orokorra pil-pilean egon zen eta horren barnean ahozko herri jakituria eta ondarearen alorrak ezinbesteko garrantzia hartu zuen: Ipuinak, esaundak, elezaharrak, errefrauak, sineskerak, ohiturak, kantuak, ahokorapiloak, etab. Izan ere, herri ondarea belaunaldirik belaunaldira ahoz datorkigun aberastasuna da, ikutuezin eta ikusezina den ondarea. Eta harrotasunez esan genezake euskera oso aberatsa izan dela ahozko ondare horretan. Euskarazko idatzizko lehenengo laginak oso berantiarrak direnez, ahoz aho transmititu dugu gure hizkuntza mendez mende. Argi dago, horregatik, hau da, euskara ahoz aho transmititu delako dagoela bizirik. Behin Pello Esnal idazleak esan zuen: “paregabeko altxorra da herri-literatura. Hor dago bildua gure tradizioa, eta tradizioa aintzat hartu barik ez dago etorkizuna eraikitzerik. Ahozko euskarak eta ahozko euskararen munduak eutsi dautsie bizirik euskarari.”

Euskal folklorea jaso eta aztertu zuten lehenengotariko batzuk azterritarak izan ziren arren, euskaldunen artean nabarmentzekoak ditugu: Resurrección María Azkue (Cancionero Popular lanean herri kantuak bildu zituena eta Euskalerriaren Yakintzan ohiturak eta sineskerak, herri olerkiak, haur jolasak, atsotitzak, esakerak, ahokorapiloak, goitizenak, igarkizunak, ipuinak eta irakurgaiak… bildu zituena), Jose Miguel Barandiaran (“euskal kulturaren patriarka edo aitalehena” bezala ezagutua, etnografia eta arkeologian egindako lanengatik ezaguna) eta Aita Donostia (musika arloan izugarrizko lana egin zuena).

Hortik aurrera egindako lanari esker, ahozko azalpenak idatziz ditugu. Idatzi horiek etimologikoak izaten dira, zientifikoak ez diren azalpenak ematen dituztenak hain zuzen ere.

Mendez mende, ipuinak, esaerak, kontaerak… aldatzen joan diren bezala, hizkuntza bera ere aldatzen edo egokitzen joan da. Hizkuntza bera baita gure bizitzaren ispilu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario